Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

San Kristobal gotorlekuko ihesaldia eleberri batean

Mauro izenburupean, Mikel Guerendiain Azpiroz irakasle nafarrak eleberri historiko bat argitaratu du gaztelaniaz, non Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuko ihesaldi tristearen gertakariak fikzionatzen ditu. Ihesaldi hori Europako kartzela ihesaldi handienetako bat izan zen, errepresioaren ondorioz benetako odol bainu bihurtu zena: 206 errepublikano hil zituzten frankistek.

1938ko maiatzaren 22an, zortziehun preso inguru, ideologia ezberdineko errepublikarrak, Iruñearen kanpoaldean zegoen San Kristobalgo penaletik ihes egin zuten. Urte ilun haietan, beste hainbat espazio bezala, gotorlekua espetxe frankista bihurtu zuten. Preso haien artean inork ez zuen odol deliturik. Horietako asko, ihesaren ondorengo orduetan,  hil edo atxilotu egin zituzten; gutxi batzuek, mendira jauzi egitea lortu zuten, Frantziako mugara iristeko asmoz. Hainbat egunetan, Nafarroako iparraldean giza-ehizaldi handi bat izan zen, eta, bertan, iheslarien eta haien jarraitzaileen presentziak bizitza aldatu zien herri horietako biztanleei. Gertaera historikoetatik haratago, Guerendiainek persona horien bizitzetan sakondu nahi du, mugan bizi ziren pertsonaietan. Horrek ez du kentzen egileak egun haietako gertakariei buruzko dokumentazio lan sakona egin izana.

Mikel Guerendiainek ihesaldi ikusgarriaren ondorioz errotik aldatuko diren bizitza horien bidez eraikitzen du bere narrazioa. Maurok pertsonaia ahaztezinak aurkezten dizkigu. Haiek dira eleberriaren ahots narratiboa, kapituluz kapitulu beren historiaren, pozen, oinazeen edo itxaropenen konplize egiten gaituztenak.

Mikel Guerendiain Azpiroz Ziaurritzen jaio zen, Nafarroa Garaian, 1983an. Historian lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean da. Urte askoan liburu-saltzaile izan ondoren, Geografia eta Historia irakaslea da Nafarroako hainbat institutu publikotan. Guerendiainek idazle gisa, orain arte lau antzezlan idatzi ditu, eta horietako bi talde amateurrek estreinatu dituzte. Mauro da bere lehen liburua. Gai horri berari buruz idatzi zuen Algoritmos antzezlana.

Fitxa teknikoa:

Guerendiain, Mikel:  Mauro.   Logroño:   Pepitas de calabaza & Los aciertos.  192 or.  ISBN 978-84-19689-22-1, tamainu:  14.5×21 cms. Salneurria:  19,90€  

San Kristobaleko iheslariei eskainitako monumentua.
(Wikimedia Commonseko argazkiak)

Tags: ,

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo