Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Artetaren azkeneko urteak

By on 2016/10/18 in Albisteak
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someone

img244
Javier González de Durana irakasleak Aurelio Arteta margolari bilbotarraren azkeneko urteak ikertu ditu batez ere haren biografian oso polemikoak izan diren argi-ilunak argitzeko asmoz. Ikerketa horren emaitzak orain gutxi plazaratutako liburu batean aurkeztu ditu: Guerra, exilio y muerte de Aurelio Arteta (1936-1940), hau da, “Aurelio Artetaren gerra, erbestea eta heriotza (1936-1940)”.
Ikerketa-liburu berri honetan, González de Duranak artistaren mugimendu guztien jarraitze zehatza egiten saiatu da: frankistek setiatutako Madriletik Valentziara, handik Bartzelonara, Biarritzera, Seteko portura eta, azkenik, dagoeneko mitikoa egin den Sinaia itsasontzian, Mexikoko Veracruzera eta, handik, Mexiko Hirira.
Duranak erabili duen estiloa benetan arina izan da, ia detektibeen eleberria izango balitz bezala: aztarnak eta datuak erabiliz haren hipotesiak eraiki egin ditu. Metodologia deduktibo horren bidez erantzunik ez zuten galderak neurri handi batean erantzun ditu. Esaterako, zergatik erbesteratu zen printzipioz oso mehatxu handia pairatzen ez zuen artistak? Duranak garbi erantzuten du: haren bi semeen bizitza babesteko, biek ala biek errepublikaren alde borrokatu baitzuten. Horrek eraman zuen Arteta senar-emaztea Madriletik Valentziara eta, azkenik, erbeste tragikora. Eta tragikoa esaten dugu bai erbeste guztiak horrelakoak direlako baina baita ere Artetaren deserria haren heriotzarekin istripu absurdo batez bukatu zelako. Istripuaren inguruan liburua ere haren inguruko zirkunstantziak argitzen saiatu da, horretarako Mexikoko garaiko prentsa eta testigantzak erabiliz.
Beste gai interesgarria Pariseko 1937an ospatu zen Nazioarteko Erakusketaren inguruko polemikarena da. Erakusketa horretan Errepublikak bazuen pabilioi propioa eta barruan elementu nagusia Picassok margotutako “Guernica” izan zen; haren estilo berritzaile zela eta sektore batzuk haren aurrean kritikoak azaldu ziren. Urteen poderioz, esan izan da Euskal Gobernuaren ordezkari batzuek Picassorena Artetaren Gerraren triptikoarekin aldatzea proposatu zutela. Duranak hori ezinezkoa izan zela argi eta garbi erakusten digu, Artetarena oraindik burutu gabe baitzegoen.
Beraz, ikerketa sakona González de Duranak liburu honetan eskaini diguna. Baieztapenak uneoro datuen gainean eraikiak, halaber, laminek, argazkiek eta ilustrazioek funtzio bera betetzen dute, testuan azaldutakoa argitzea, alegia. Zalantzarik gabe, zorionez, Artetaren inguruko ikerketan ezinbesteko liburuaren aurrean gaude.

Fitxa bibliografikoa:
Guerra, exilio y muerte de Aurelio Arteta (1936-1940)
Javier González de Durana
Sevilla:Punto Rojo Libros, 2016
ISBN:978-84-16799-28-2

img245b

Aurelio Arteta emaztearekin, Amalia Barredo, eta bi semeekin: Aurelio Arteta eta Andres Barredo (liburutik hartutako irudia).

Tags: ,

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo