Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Gándarako euskaldunak (Argentina)

By on 2015/06/12 in Liburuak

Gándarako Parajea Chascomustik gertu dago, Buenos Aireseko probintzian. Topikoak Argentinako euskaldunak esnearen ekoizpenarekin eta banaketarekin lotu izan ditu betidanik; Gándararen kasuan ezin zen gutxiago izan; hantxe, XIX. mendearen bukaeran, lehenengo Esnearen Elkarte Kooperatiboa sortu zen, “Unión Gandarense” izenekoa alegia. Eta hori da, hain zuzen, Cesar Arrondo historialariak ikertu duen historia liburu berri honetan, Los vascos de Gándara (Lauburu Edizioak, 2014). Irakasleak berak azaldu du nola 1876tik XX. mendeko lehenengo hamarkadak arte bost milioi pertsona Argentinara joan ziren han bizimodu berri bat bilatzeko asmoz. Politika horren bidez, Argentinako Gobernuak populazio eskaseko lurraldeak birpopulatu nahi zituen. Joan zirenen artean, asko eta asko, euskaldunak ziren. Antza, migrazio ekonomikoaren fenomenoaren aurrean gaude baina, horrez gain, euskaldun haiek atzean uzten zuten Euskal Herrian Espainiako Gobernua Foruen aurka ari zen jota-ke, gerra bera ez zenean.

Gándararen historian trenaren etorrera elementu garrantzitsua izan zen, bereziki bertako industria indartzeko. Cesar Arrondo irakasleak bere ikerketan Gándarako azken zaharren testigantzak bildu ditu, batez ere haien egunerokotasunari dagozkionak: festak, erlijioa, ohiturak, pasadizoak… Ez da hitz handietako historia baina, bere apaltasunean, lan interesgarri honetan Argentinako euskaldunen historiaren inguruko ikuspegi interesgarri bat eskaintzen digu Arrondo irakasleak.  

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo