Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Diktaduraren kultura

By on 2015/07/05 in Albisteak, Liburuak
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someone

img012

 

Jose Angel Ascunce irakasleak liburu berria plazaratu du, “Sociología cultural del franquismo (1936-1975). La cultura del nacional-socialismo”, asmo handikoa eta gomendagarria den lana. Obraren oinarria Espainiako II. Errepublikaren kulturan bizi izan zen pizkundetik abiatzen da, ondoren nazional-katolizismo delakoaren kultura aztertzeko, frankismoarena alegia. Eta kultura ofiziala esaten dugunean, etiketa horretan ez dira disidentzien kultura-lanak kokatzen, esaterako erbesteko sortzaileena: ikuspuntu hori, hain zuzen ere, idazlea dagoeneko prestatzen ari den hurrengo liburu baterako geldituko baita.

Jose Angel Ascuncek berak dioenez aztertu duen gai hau ez da batere erraza. Batetik, bizirauteko, erregimena egoera historiko desberdinetara egokituz joan zen. Bestetik, garaiko sortzaileak ez zeuden kontraesanetatik libre. Horrela, erabat frankista izan zitekeen egile batek disidentziaren barruan koka daitezken lanak sor zitzakeen. Hori izan zen adibidez Camilo José Cela eta La familia de Pascual Duarte liburuaren kasua: Cela, frankista ezaguna izanik, liburu horrekin erregimenaren parametroetatik kanpo kokatu zen eta hori gerra ondorengo lehen urtetan, 1942an.

Nazional-katolizismoaren kulturak, oraindik ere bizirik darraion fenomenoa, mekanismo desberdinak erabili zituen gizartean finkatzeko eta inposatzeko. Hasteko, Jose Angel Ascuncek “ordena berria”ren mekanismo juridikoak aztertu ditu, armen indarrez inposatutako egoera berriari bere legaltasunaren itxura eman nahi zion lege multzoa. Hortik abiatuta, ondoren, errepresioaren mekanismoak, diktaduraren ideologiara erakartzeko mekanismoak eta errealitate hilgarri horren aurrean ihes egiteko mekanismoak.

Errepresioaren mekanismoen kapituluan errepresio fisikoa aztertzen du, informazioaren eta horren manipulazioaren gerra, garbiketa politikoaren epaitegiak, zentsura, etab., ideologikoki gizartean hiritarren gaineko kontrol gogorra ezartzeko. Azken buruan, “biolentzia, eta haren ondorioa den beldurra, politika frankistaren ezaugarri nagusietariko bat izan zen” (208). “konfrontazio irekiaren eta erraietako biolentziaren egoera bati erantzuteko, irtenbide moduan ezereztatze fisikoa eta kulturala ezarri ziren” (208). Ascunceren hitzetan, “izua ezartzea eta doktrinatzea nazional-katolizismoaren kulturaren oinarri nabarmenak ziren” (238).

Baina errepresioa ez zen nahikoa. Aldi berean, erregimenak “erakartzeko mekanismo psikologikoak” martxan jarri zituen, hau da, jendea haien ideietara hurbiltzeko metodoak (239). Ikuspuntu horretatik ezinbesteko oinarriak ziren eskola, prentsa, haurrei zuzendutako komikiak, ikus-entzunezko komunikabideak eta literatura. Horiekin guztiekin batera egileak “ideologizazio baliabide subliminalak” azpimarratzen ditu (241). Baliabide horiek ez dira arrazoiaren bidez zabaltzen, subkontzientearen bidez baizik; hau hobeto azaltzeko adibide desberdinak aztertu ditu, esaterako, egunkarien mantxetak. Egunkarien izenak ez ziren kasualak eta, egunerokotasunean kokatuta zeuden egunkarien bidez, ohikoak egiten zituzten erregimenaren oinarrizko kontzeptuak: Unidad, El Porvenir, La Voz de España, Arriba… Hitz hauek horrela topikoak bihurtzen ziren, gizarteak onartutako kontzeptuak, inork zalantzan jarriko ez zituenak (242). Beste baliabide subliminala frankismoaren eta erlijioaren sinboloen nonahikotasuna zen. Diktadorearen erretratua eta gurutzea, esaterako, zigiluetan eta guzti agertzen ziren; ezinezkoa zen haiengandik ihes egitea.

Azkenik, egileak ihesbie emozionalaren mekanismoak ikertu ditu, hau da, “ideologizazio programa ofizialen aurka ez jarri gabe, programa horietatik kanpo kokatzen ziren estimulu eta erantzun multzoa” (431); hauei esker pertsonek errealitatetik ihes egin zezaketen. Masa-literatura horien arteko genero nagusia ihesbide-literatura zen. Genero horri eskainitako atalean Ascuncek hiru izen nabarmentzen ditu: Corín Tellado, Marcial Lafuente Estefanía eta José Mallorquí. Oso ezaugarri desberdinez, antzerkia dugu, Adolfo Torrado, Alfonso Paso izenekin; kapitulu berezia “El teatro Chino de Manolita Chen” barietate-espektakuluak mereziko luke. Arte dramatikoaren adarra irrati-eleberri melodramatikoak izango genituzke; saio horiek irrati-kate nagusien programazioko ordu nagusiak betetzen zituzten; esparru horretan Guillermo Sautier Casaseca egile gurtua gailentzen zen.

Egileak berak horrela laburtzen du liburuaren tesi nagusia: “Nazional-katolizismoaren kultura, izaera totalitarioa duten kultura guztiak bezala, ez da kultura laua eta gardena, nahiz eta bere enuntziatu ideologikoak sinpleak izan. (…) Osagarriak diren hiru aurpegirekin funtzionatzen du (…) Lehenengo aurpegia izuaren kultura deritzonak osatzen du; bigarren aurpegia doktrinamenduaren kulturak eta hirugarrenik hutsalkeriaren kultura agertzen da” (497).

Orokorrean, interes handiko lan baten aurrean gaude. Orri horietan, hausnarketa teorikoekin batera adibide eta pasadizo ugari aurkituko ditugu eta, horri esker, liburua atsegin handiz, batzuetan nostalgia apur batekin, irakur daiteke. Baina horren gainetik gure inguruan oraindik bizirik darraion kultura baten deskribapena topatuko dugu, gerra garaileen kultura. Hurrengo liburuaren esperoan gelditzen gara, aldi berean, Jose Angel Ascunceren liburua goraipatuz. Ez zen erraza izango hark objektibitatetik egin duen lan zehatza eta sakona burutzea, are gutxiago azken hamarkada hauetan diktadura idealizatzeko eta bere benetako izaera desitxuratzeko egiten diren saiakerak kontuan hartuta, diktadorea bere herriaz arduratzen zen “aitona paternalista” bat izango balitz bezala; horrela, noski, beldurraren gainean eraikitako erregimen krudela eta zitala ahaztuko dugulakoan, frankismoaren benetako izaera ezkutatu nahian. Hori guztia ez ahazteko, benetan beharrezkoak dira hau bezalako liburuak.
                                                                                                                                    Jose Ramon Zabala

Erreferentzia bibliografikoa:

Jose Angel Ascunce: Sociología cultural de franquismo (1936-1975). La cultura del nacional-socialismo. Madril: Biblioteca Nueva Argitaletxea, 2015. ISBN: 978-84-16345-10-6.         

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo