Saturraran espetxea eleberri batean
Gerard S. Ferrando kazetari eta idazle valentziarrak trilogia bat sortu du gaur egungo errealitatea aztertzeko asmoz, haren bitartez, halaber, iraganari erreferentzia ugari eginez. Zikloa 2024an hasi zen Cariño, soy un iai@flauta eleberriarekin, 2025ean jarraitu zuen Los abrazos aplazados nobelarekin eta Las ausencias que heredamos lanarekin amaituko da; azken honetan gerraosteko memoria eta estatu-kolpearen ondorioak oso presente egongo dira.
Azken lan honetan planteatutako narrazioak euskaldunak hurbiletik ukitzen gaitu, Saturrarango emakumeen espetxeari lotutako gertaerak jaso baititu. Nolabait, gerra eta genozidio frankistari buruzko eleberri baten testuinguruan emakumeek jasandako errepresioa du ardatz egileak.

Hona hemen egileak berak emandako argumentua: Clara kazetaria Vicente Venturaren istorioan murgiltzen da, Espainiako Gerra Zibilean bere aita desagertu zelako. Kapitulu alternoetan, eleberriak Gracieta eta bere familiaren ahotsa berreskuratzen du, frankismoak Saturrarango kartzelan errepresaliatu eta giltzapetutako emakumeena, alegia. Bi kontakizun, paraleloan doazenak, iraganeko indarkeria eta isiltasuna nola heredatzen diren erakusten digu. Aldi berean, orainaldian oraindik ere bizi diren absentziak ulertzeko bide bakarra oroimena dela ikusiko dugu.
Bere proiektua aurrera eramateko, Gerard S. Ferrandok liburua aurretik erosteko kanpaina bat jarri du abian Verkami plataformaren bitartez. Proiektua abian jartzeko planteatu zuen aurrekontuaren erdia baino gehiago bildu du dagoeneko kazetariak. Eleberria, bestalde, apirilean plazaratuko da. Gainera, egileak oroimen historikoarekin elkartasun ekintza bat planteatu du: kanpaina honetan saldutako liburu bakoitzeko euro bat Burgoseko Memoria Historikoa Berreskuratzeko Probintziako Koordinakundeari bideratuko dio.
Ekimen honetan parte hartu nahi baduzu, Verkami plataforman sar zaitezke esteka honetan:
https://www.verkami.com/projects/42581-novela-las-ausencias-que-heredamos

