Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Erbesteratuak Guatemalan

By on 2018/08/17 in Albisteak, Liburuak
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someone


Arturo Taracena Arriola Guatemala, la República Española y el Gobierno Vasco en el exilio (1944-1954) liburuaren egilea da. Lan horretan Taracenak 1944tik 1954ra bitartean Ertamerikako herrialdean erbesteratu errepublikanoen presentzia aztertu egin du, hau da, Juan José Arévalo eta Jacobo Árbenz presidenteen eskutik, Guatemalak bere lehen gobernu demokratikoak ezagutu zituen garaian.

Egilearen arabera, ikerketa honen hasiera 1997an, Parisen, kokatu behar da. Urte horretan Guatemalako egoitz diplomatiko zaharreko sotoetan garbiketa sakonari ekin zioten eta, lan hori egiten zuten bitartean, dokumentu multzo garrantzitsua agertu zen. Dokumentuak, tartean 1948tik 1952ra Guatemalara joateko eskaera aurkeztu zuten errefuxiatu espainiarren erregistro-liburuak eta pertsona batzuen txostenak, zaborrean bukatzeko libratu ziren eta ikerketa honen abiapuntua bihurtu ziren. 1944ko iraultzari esker Guatemala, erbesteratuei harrera egiteko prozesuan aurretik Mexikok garatu zuen bidean abiatu zen; Mexikoren kasuan ibilbide hori Lázaro Cárdenasen eskutik egin zen baina ate hori ordurako, Miguel Alemán Valdez lehendakaritzarekin batera, itxita zegoen. Guatemalako kasuan harrera proiektu hori Parisen kantzilerra zen Enrique Muñoz Meany-rekin gauzatu zen, beti Árevaloren onarpenarekin, eta, ondoren, Carlos Manuel Pellecer eta Luis Cardozaren laguntzarekin gauzatu zen.

Material horiekin Taracenak “etnografiako eduki handia duen narrazioari” ekin dio, gertaera haietako protagonistei hitza emateko asmoz, horretarako haien bizipenak bilduz eta antolatuz. Horiek dira, adibidez, Salvador Aguado Andreut nafarraren eta Isaias Rebolleda Ortiz de Zarate barakaldarraren kasuak, biak ala biak frankismotik iheslariak. Txosten zehatz horietatik kanpo, liburuak pertsonen ibilbideei eta gertakariei garrantzi handia ematen die eta horrek liburuaren irakurketa erraztu egiten du. Dena dela, eduki nagusiak historiko-politikoak dira.

Liburuaren izenburuak ere argipen txiki bat merezi du. Guatemalako gobernu demokratikoak harreran bidean jarri zenean Erbesteko Gobernu Errepublikanoaren buruan José Giral zegoen (1945-1947), eta gobernu hartan Industria eta Merkataritza Ministerioa Manuel Irujo Olloren eskuetan zegoen; Giralek hari eman zion negoziazioen ardura. Taracenak dionez, Espainiako Gobernuak zituen arazoen aurrean, Guatemalako proposamena marjinalitatearen barruan gelditu zen. Halaber, Euskal Gobernuak bazuen arlo desberdinetan (diplomazian, ekonomian, inteligentzian eta informazioan, estrategia sendoa zuen eta proposamena helburu horiek aurrera eramateko erabili zuen: “El triunfo final de la estrategia de Irujo por colocar a sus hombres en el centro de las relaciones con el gobierno guatemalteco se dio en 1951, con la designación de Antonio de Zugadi como cónsul de la República Española (…) y no solo como cónsul del Gobierno Vasco”. (21.or.) Zentzu horretan liburuan baiztapen polemiko ugari aurki daiteke.

Kontua da Taracenak bidultako zerrendetan euskal hiritarrak agertzen badira, batez ere gehienak espainiarrak dira. Euskaldunen artean izen batzuk aipatze arren, beste artean Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia, Antonio Arregi Azkarate, Valentin Cuartango, Pedro Estremo Anza, Luis Palacio Olazabal eta Angel Arce Barahona agertzen dira. Errepublikanoen artean zehaztasun handiarekin Rafael de Buen y Lozano eta Antonio Román Durán sakonki aztertuak izan dira. Ideologiaren ikuspuntutik, bestetik, iritzi desberdinetako pertsonak aurkitu dira: CNT sindikatuaren aldekoak, anarkistak, sozialistak, abertzaleak, komunistak… Baita ere errepublikanoek sortutako instituzioak eta argitalpenak azaltzen dira, besteak beste, Landibar Euskal Bilgunea, Euzko Gogoa aldizkaria, Centro Republicano Español, España boletina, aipatutako zentroaren aldizkaria, alegia, edo García Lorca Ateneoa. Dena dela, iheslariak Guatemalara heldu aurretik han baziren errepublikano espainiarrak eta heldu berriekin arazorik gabe nahastu ziren eta lagundu zieten.

Taracenaren hitzetan Guatemalako programa “apala” izan zen baina, hala ere, “zintzoa” (115.or.). Eta egia da, orokorrean, beste herriekin aldetuta, programa honetaz baliatu zen pertsonen kopurua oso txikia izan zen. Programa guatemalarrak bereziki teknikariak, langileak, marinelak eta nekazariak erakartzen saiatu zen. Pertsona horien ihesaren arrazoien artean, bestetik, gerraren amaiera zegoen, jakina, baina baita estatu espainiarrean ematen ari zen errepresio gogorra eta bortitzaren giroa ere bai.

Zoritxarrez, programa guatemalarrak bat-bateko amaiera izan zuen. 1954an, CIAren laguntza zuzenarekin, Carlos Castillo Armas koronelak, izenez Askapenerako Armadarekin, diktadura Berri bat ezarri zuen, Arévalok eta Árbainzek martxan jarritako aldaketa sakonak bertan behera utziz. Ondorioz, erbesteratu asko berriro beste herrialdetara ihes egin behar izan zuten ere.

Orokorrean, Arturo Tarecenaren ikerketak interes handia du. Zehaztasun handiekin, taula eta datu ugari erabiliz, gertaera haien testigantzak jaso egin ditu, hori protagonisten alde gizatiarra baztertu Gabe. Historia eta gertaera hauek gure artean oso ezezagunak dira. Azken zentzu horretan liburu horrek euskal eta erbeste errepublikanoa ezagutzarako beste leiho bat ireki du eta hori beti eskertzekoa da.

Jose Ramon Zabala Agirre

Fitxa bibliografikoa:
Arturo Taracena Arriola: Guatemala, la República Española y el Gobierno Vasco en el exilio (1944-1954). Mérida: Universidad Autónoma de México, El Colegio de Michoacán, A.C., 2017. 543 or.

Juan José Arévalo, Guatemalako lehen presidente demokratikoa (1944-1951).

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo