Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Federiko Álvarez hil zaigu

By on 2018/05/19 in Albisteak

Federiko Álvarez Arregi, idazle donostiar erbesteratua (1927ko otsailaren 19a) maiatzaren 18an, Mexiko Hirian hil zaigu. 91 urte zituen.

Federiko José Luis Álvarez Enparantza “Txilladergi”ren lehengusu zuzena zen; dena dela batak zein besteak oso bizitza desberdinak izan dituzte. Federiko Álvarez Frantzisko Fermin Álvarez-en semea zen, Izquierda Republicanaren sortzaile batena, alegia. Gerra bukatuta, 1940ean, Federiko eta bere arreba Teresa Habanara (Kuba) joan ziren, gurasoekin elkartzeko. Habanako Unibertsitatean Ingeniaritza ikasi zuen eta Kubako Alderdi Komunistan sartu zen.

1947an Mexiko Hirira joan zen eta han beste erbesteratuekin topo egin zuen, besteak beste, Karlos Blanco Aginaga irundarrarekin. UNAMen ikasketekin jarraitu zuen eta Ikasketa Latino-amerikarretan Lizentzia lortu zuen. 1954an Elena Aub-ekin ezkondu zen, Max Auben alabarekin alegia. UNAMen irakasle bezala hasi zen lanean eta aldizkari ugarietan ere idazteari ekin zion. ”Revista Mexicana de Literatura” Batzar Nagusiko partaidea izan zen. 1965an, Habanako Unibertsitatearen irakasle bezala, Kubara itzuli zen; lanpostu horretan 1971 arte iraun zuen. 1982an behin-betiko Mexikon bizitzeko gelditu zen eta bertan Filosofia eta Letretako Fakultatean hasi zen lanean.

Askotan itzuli zen Euskal Herrira, bereziki Donostiara. Gurean, tartean Hamaika Bide Elkartean, ekimen ugarietan hartu zuen parte. Azken aldietan, dagoeneko oso gaixorik, bere haurtzaroa jasotzen zuen liburua hemen argitaratzea saiatu zen (Una vida. Infancia y juventud (2013)) baina instituzioen aldetik ez zuen diru-laguntzarik lortu.

Borrokalari sutsu eta ezkertiarra, euskal erbestealdiaren testigu baliotsua joan zaigu. Betiko arte, lagun!

Irudian, Donostian, 2010eko azaroan, Ana Mary Ruiz, Jose Ramon Zabala, Federiko Álvarez eta Manuel Aznar Soler.

Tags: , ,

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo