Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Maria Dolores Arana Mexikon, idazle erbesteratua

By on 2016/09/13 in Albisteak

Maria Dolores Arana 1910eko uztailaren 24an jaio zen, Zumaian (Gipuzkoa). Estuasunik gabeko familia batean jaio zen, oso familia tradizionala eta erlijiosokoa halaber. Gurasoak Victoriano Arana eta Remedios Ilarduya ziren. Aita aduana bulegoan lan egiten zuen, administratzaile gisa. Aitari destino berria eman ziotenean, Irunen, familia osoa Donostiara bizitzera joan zen. Donostiako etxean Doloresen haurtzaroa igaro zen, zortzi anai-arrebez inguraturik. Etxeko giroa gogorra egiten zitzaion gazteari eta laster hiriko giro kulturaletan mugitzen hasi zen. Horrela, Menchu Gal eta Mari Paz Angoso margolariekin batera Alde Zaharreko “Gu” elkartea ezagutu zuen. Gu ez zen elkarte gastronomiko hutsa: han hiriko artista eta intelektual asko biltzen ziren, besteak beste, Jose Manuel Aizpurua, Donostiako Club Nautico eraikina diseinatu zuen arkitektoa, falangista ezaguna. Elkartean baziren beste falangistak, esaterako Jesús Olasagasti eta Juan Cabanas, baina elkartea nahiko irekia zen eta beste ideologietako intelektualak ere biltzen ziren bertan, Mauricio Flores Kaperotxipi bezalako artistak esaterako. Kanpoko jende ospetsua ere gonbidatua izan zen Gu elkartera: Jose Antonio Primo de Rivera bera, Federico García Lorca, Max Aub, Pablo Picasso…

Maria Dolores, bere aitaren bidea jarraituz, aduanetako laguntzailetarako oposaketetara aurkeztu zen baina, bestetik, Filosofia eta Letrak ikasteko Madrilera joan zen. 1935ean Canciones en azul (Zaragoza: Cierzo) bere lehenengo poesia liburua plazaratu zuen eta garaiko zenbait publikazioetan hasi zen kolaboratzen, Zaragozako Noreste edo Bartzelonako Hoja literaria. Aduana laguntzaile gisa lanean hasi zen baina haren ametsa literatura irakaslea izateko oposizioak egitea zen, haren literaturarekiko bokaziotik gertuago baitzegoen. Zoritxarrez, gerra zibilaren hasierak asmo hori zapuztu zuen. Gerrarekin bat haren kontzientzia politikoa azalarazi zen, Errepublikaren alde. Hori zela eta Alianza de Intelectuales Antifascistas para la Defensa de la Cultura erakundeko idazkari izan zen, modu batez horrela literatura eta ideologia uztartuz. Gerra garaian, bestetik, Errepublikano Gobernuaren alde lan egin zuen eta horrela Caspe herrian egon zen. Destino horrek garrantzi berezia izan zuen, bertan haren bikotekidea izango zen Jose Ruiz Borau ezagutu baitzuen. Borau UGT sindikatuko buruzagia zen eta garai hartan Aragoiko Gobernu Autonomoan Lan Publikoen kontseilaria zen; gero ere Ogasunaren kontseilaria izan zen. Azkenik, Errepublikaren aldeko konpromisoaren ondorioz, 1939ko urtarrilean,biek erbestearen bidea hartu behar izan zuten. Ihesaldian Borauk Jose Ramon Aranaren identitatea hartu zuen.

Erbestealdia Lapurdin hasi zen, Baionan; bitartean, Jose Ramon Arana Gurseko kontzentrazio esparruan atxilotuta egon zen. Bikotearen lehen semea, Juan Ramon, orduan jaio zen. Azkenik, Marseillako portutik, Margaret Palmer estatubatuarraren laguntzaz, Ameriketara ihes egitea lortu zuten. Behin Amerikan, lehen Martinikan, Dominikar Errepublikan eta Kuban gelditu ziren, azkenean Mexikon lehorreratzeko, 1942an. Martinikan Federico jaio zen, bikotearen bigarren semea. Mexiko Hiriaren lehenengo urteak gogorrak izan ziren. Aurrera ateratzeko Dolores Aranak mota askotako lanak egin behar izan zituen: kolonia ekoizle bezala, gozokien saltzaile bezala, panpinak saltzen, piano irakasle partikular moduan… Tartean erbesteratu espainiarrek sortutako Madril Ikastetxean ere irakasle lana egin zuen. Hala ere, lan literarioa ez zuen baztertu, Aragón eta Las Españas bezalako erbesteko aldizkari batzuetan kolaboratuz, liburuen komentarioak idazten eta, orokorrean, kultura inguruko lanak prestatzen, gehienetan Medea izengoitiaz sinatuta.

Ez zuen utzi ere langintza poetikoa. 1953an, erbestean, bere bigarren poesia-liburua plazaratu zuen,Árbol de sueños, Concha Méndezen hitzaurrearekin. Poesia horren ezaugarri nagusia intimismoa da, erbestealdian bizi izandako zirkuntantzia gogorren ondorioz garatutako ezkortasuna. Egoera hartan lirika introspekziorako tresna bilaktu zen. Bakardadea, nostalgia, goibeltasuna poemario horren ezaugarriak dira. Tarteka baikortasunaren izpiak susma daitezke, bizitasunaren zantzuak, finean poesiari eta bizitzari ekiteko indarra eman zioten ezaugarriak. Haren zorroztasunari eta ahalmen intelektualari esker, bestetik, Mexikoko zenbait hedabideen ateark ireki zizkioten.

1960an beste gertaera latza pairatu behar izan zuen: Jose Ramon eta bera banandu egin ziren. Min hori erbesteak ematen zionarekin handitu zitzaion. Une horretatik aurrera haren ihesbideak liburuak eta semeak izan ziren. Modu batez, Maria Doloresen biografiak Concha Méndez lagunarenarekin paralelismo handia izan zuen. Kubara heldu zirenean Aranatarrak Concha Méndez eta Manuel Altolaguirre ezagutu zituzten; Mexikon, bi familiak berriro ere elkartu zirenean, adiskidetasun hori handitu egin zen. Maria Doloresek eta Conchak laguntasun handia partekatu zuten. Horregatik, Aranaren bigarren liburuak Concha Méndezen hitzaurrea izatea ez zen kasuala izan, bien arteko estimuaren ondorioa baizik. Eta bien artean, hirugarren pertsona bat aipatu behar dugu: Luis Cernuda poeta espainiarra. Cernuda, Mexikora heldu zenetik, Concharen etxean bizi zen eta adiskidetasun zirkulu horren parte aktiboa izan zen.

Egoera ekonomikoaren zailtasunak 1960tik aurrera leundu ziren, batik-bat Maria Dolores UNAMen Ekonomia Fakultatean idazketa-tailer batean lanean hasi zenetik. Ondoren, Errepublikako Lehendakaritzaren Idazkaritzan hasi zen lanean, bai diskurtsoak prestatzen, baita ere estilo zuzentzaile moduan lan egiten. Lanpostu horrek ikerketak eta idazlanak egiteko aukera ematen zion.

1966an Arrio y su querella liburuxka argitaratu zuen. Helburu dibulgatiboa zuen historia lan laburra zen, Hezkuntza Publikoaren Idazkaritzan argitaratzen zuen koadernoen bilduma herrikoiaren barruan plazaratuta. Bilduma berean Rekaredori buruzko saiakera ere argitaratu zuen. Martinikan egondako asteetan, bestetik, vudu eta magia beltzaren inguruko interesa sortu zitzaion; interes horren ondorioz, 1987an, Zombies. El misterio de los muertos vivientes (México: Posada) liburua idatzi zuen.

Idazleak bizitza osoa Euskal Herriarekiko eta Espainiarekiko loturak gorde zituen. Postaren bidez, frankismopean bizi ziren poetekin eta idazleekin harremanak landu zituen. Diktadorea hil zen unetik behin baino gehiagotan penintsulara etorri zen, bereziki Donostiako familiaren etxera. 1961tik Camilo José Celak eramaten zuen Papeles de Son Armadans aldizkarian kolaboratu zuen. Cela eta Arana adiskideak izan ziren eta lehenengoak zera zioen, Aranak Mexikon aldizkariaren kontsula zela. Aranaren aportazioa Celaren aldizkarian Mexikoko uneko liburuen gaineko glosak eta komentarioak izan ziren.

1976an Arana Euskal Herrira etorri zen; helburua, haren seme nagusiari Donostiako Zinemaldira laguntzea. Larogeigarren hamarkadan zehar bisitak errepikatu ziren. Bere bizitzaren azken urteak haren Juan Ramon semearekin Mexikoko iparraldean dagoen Hermosillo hirira joan zen bizitzera. Han hil zen 1999ko apirilaren 5ean.

Mar Trallero

Ohar bio-bibliografiko osoa “Biografías” atalean irakur daiteke.

Tags:

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo