Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Liburu berria: errepresio frankista Orion

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someone

1936ko gerraren ubera Orion izenburupean Iñaki Iturain Azpirozek Gipuzkoako kostaldeko herri txiki horretan Gerra Zibilean pairatu zituzten ondorioei buruzko monografikoa argitaratu du. Egileak azpimarratzen duenez, “Orio bi mila biztanle inguruko herri txiki bat zen. Uztailaren 18an militarrek emandako estatu kolpeak abiatutako gerrak lurrikara bortitz baten moduan astindu zituen hango herritarrak”. Ondorioak ia gaur egun arte ezagutu ditugu. Hor ditugu esaterako orain urte gutxiko bi gertaera: 1977ko urtarrilaren 19n, ia berrogei urtez ezkutatuan gordeta eduki ondoren, udalak udaletxeko ikurriña berreskuratu zuen. Oraindik gertuago, 2008an, Francori “Orioko Ohorezko Alkatearen” izendapena kendu zioten ofizialki, atzo goizeko gertaera.

Izan ere, egileak gogorarazten duen moduan, gerra berak Orion oso gutxi iraun zuen, astebete bakarrik, Igeldo mendian sortu zen frontean batik bat. Hala ere, gerraren ondorioak herriko familia guztiek pairatu zituzten. Denetatik izan omen zen: herriko bi zubiak desegin zituzten, hildakoak izan ziren, deserrituak, zigortuak, presoak, erbesteratuak…

Iñaki Iturainek lan sakona bezain zaindua prestatu du. Horretako datu asko eta zuzeneko testigantzak jaso ditu. Liburuan denetatik topatuko dugu: hildakoen eta errepresaliatuen zerrendak, erbesteratuak… Osagai horiekin lan ederra atondu du, garai haietako irudiez hornitua. Azpimarratzekoa da ikuspuntu objektiboa izan dela egilearena. Horregatik errepublikaren aldekoek burututako basakeriak ere bildu ditu hemen, esaterako, Itziarko apaiza zen Jose Maria Altzibarren fusilamendua.

Liburu hau Orioko Udalaren Kultura Batzordeak argitaratu du. Azken urteotan, asko izan dira Euskal Herrian gerra garaiko gertakizunak bildu dituzten herriak. Oraingoan Orio sartu behar dugu zerrenda txalogarri horretan.

Izenburua: 1936ko gerraren ubera Orion

Egilea: Iñaki Iturain Azpiroz

Argitaratzailea: Orioko Udala. Kultura Batzordea

ISBN: 84-89388-10-5

 

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo